Udalerriko aztarna zaharrenak erromatar garaikoak dira. Etapa honen ondoren ixilaldi bat zabaldu zen, XI. mendera arte iraun zuena, erlijio-gune txiki batzuk sortu zirenean: Arta, Bolibar eta Ziortza.
Erdi Aroan Ziortzako Kolegiata nabarmentzen da. Kolegiata hau, Bizkaian egondako bakarra, gaur egun Monastegia da. 1380. urtetik aurrera hainbat abadek hartuko zuten Ziortzako buruzagitza. Lehenengoa Pedro Martínez de Marquina izan zen. Zalantzarik gabe, Ziortzan gailendu zen abadea Diego Irusta izan zen eta berari esker, Ziortzan 1526an desagertutako ostatua eraberritu zen. Halaber, Irusta abadeak sortu zuen Ziortzan lehenengo liburutegia.
Aro Modernoan, Simón Bolívar "Zaharra", Simón Bolívar "Askatzailearen" bostgarren aitona, maiorazkoaren legeak derrigortuta, Ameriketara joan zen. XVI. mendearen amaieran, Bolibarrera itzuli, kaparetasun froga egin eta berriro Ameriketara joaten da. Lege honen arabera famili bateko ondasunak seme nagusiarentzat izaten ziren eta famili handikietako hainbat seme Ameriketara abiatu ziren.
XVIII. mendean Konbentzioko gudan (1793-1795) Markina eta Busturiako merindadeetako konpainiak- Ziortza Busturiako Merindadean sartzen da- Ondarroako hiria babestera joan ziren, kostaldeko hiri hau meatxatuta zegoelako.
XIX. mendean, Bigarren Gerra Karlistan (1872-1876), Santa Kruz Apaiza elizate honetara etorri zela esaten da. Halaber, udalerria Gerra Zibilaren testigo izan zen (1936-1939).
XX. mendeko bigarren erdialdean, 1969an Markina-Xemeingo udalerriarekin anexionatu zen. Hamarkada batzuk geroago, 2004ko azaroaren 30ean desanexioa lortu ondoren, Udal berria sortu zen 2005eko urtarrilaren 27an, Ziortza-Bolibar izeneztapenarekin.